Galtzada erromatarrak ibarra zeharkatzen du eta baita Done Jakue Bidea ere.
Gaur egun jende askok egiten du bidea, batzuk debozioz eta beste askok arrazoi desberdinengatik.
Done Jakue Bidea Aurizberritik sartzen da Erroibarren, Urrobiko lautadatik. Aurizberri gurutzatzen du eta herriko irteeran badago gurutze bat. Hortik Mezkirizko gainera igotzen da eta Arriurdinetik Bizkarretera jaisten da. Bizkarret zeharkatu ondoren Lintzoaineraino doa eta hortik Erroko gaineraino, Esteribarko dermioan sartuz.
Erromes askok egiten du bidea, giza talde guztietakoak eta herrialde askotakoak
Jende horietako asko merkatari frankoak izan ziren, Erdi Aroan Nafarroan gelditu zirenak, Done Jakue Bidetik sartu eta garai hartako mandatarien politikari esker.
Ibañetako gainera iristean erromesek 1127an eraikitako hospitalean hartzen zuten ostatu; handik urte batzuetara hospital hori Orreagara eraman zuten, toki babestuagoa zelakoan.
XVII. mendea arte erromesek Ibañetan ematen zuten gaua eta hurrengo egunean jaisten ziren Orreagara. Ibañetako baseliza 1794an suntsitu zuten, Frantziarekin izandako gerlan; berreraiki zuten baina 1884an erre egin zen, soldadu batzuen zuhurtzigabekeriagatik. Orreagako hospitalean erromesek jatekoa hartu eta zauriak sendatzen zituzten, eta, ongi deskantsatu ondoren, Konpostelako bidea segitzen zuten.
Erromesaldiek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten eta XVII. mendean 20.000 bazkari banatu izan ziren urtero.
Mendetan zehar erromesek gerlarien adarrak, estriboak eta Errolanen mailuak ikusi izan zituzten kapera Nagusian, aldareraren aurrean zilarrezko lanparen artean zintzilikatuak. Errolanen kaperan Errolanek berak ezpataz hautsitako harria zegoen ikusgai.