Pertsonaia ospetsuak

PERPETUA SARAGUETA (Mezkiritz 1905 – Iruñea 1986)

Perpetuaren garaian oso emakume idazle gutxi zegoen eta bera izan zen euskaraz idatzi eta testuak argitaratu zuen haietako bat. Nortasun apartekoa, bere herriarekiko eta hizkuntzarekiko maitasunak idaztera bultzatu zuen eta zenbait agitalpenetan kolaboratzen zuen.
Hamairu anai/arreben artean nagusiena zen. Mezkiritzen, bere herrian, ez zegoen eskolarik eta apaiza hasi zen maisu lanetan herrian zeuden 56 ikaslerekin. Perpetua 7 urtetik 10 urte arte joan zen eskolara, apaiza larriki gaixotu eta klaseak emateari utzi behar izan zion arte.
Urte berean Perpetuaren aitak istripua izan eta besoetako indarra galdu zuen betirako. Amak eta seme/alabek ikaztegietaz eta animalietaz arduratu behar izan zuten, aita herriko gainontzekoen azienda bazkalekuetara eramateaz arduratzen zen bitartean.
Neskak irakurketa eta idazketarekiko zuen zaletasuna handituz joan zen. Bere amatxi hil zenean oharra igorri zuen “El Pensamiento Navarro” egunkarira. Kazetari batek irakurri eta eskualdeko berriak aldian-aldian bidaltzeko proposatu zion. Handik gutxira “La Voz de Navarra”rekin eta Baionako “Eskualduna” eta Donostiako “Argia” aldizkarietan kolaborazioak egiten hasi zen. 1929tik 1936ra artikulu anitz idatzi zituen “Txorrondo”, “Mendigibel” eta “Aritza” goitizenak erabiliz.
1931n Baztango Trinidad Urtasun bertsolariarekin ezkondu zen eta sei alaba izan zituzten. Senarraren okindegian lan egiten zuen, herrietatik ogia banatzen. Nafarroan ibilgailuak gidatzeko baimena lortu zuen bigarren emakumea izan zen.
Gerra garaian arazoak etorri zitzazkion berriro ere. Falangistek jipoia eman zioten senarrari eta ia minusbaliatu geratu zen betirako.
1944an Iruñera joan ziren. Perpetuak gauak ematen zituen josten eta bordatzen familia aurrera ateratzeko.
Azkeneko urtetan berriro idazten hasi zen, batez ere bere bizitza zailean ikasitakoak kontatzeko.
Eta horrela zioen: “Orain ez dit ezer axola. Nahi nuke nere alaben seme/alabek jakitea bizitza ez dela beraiek dutena bezain ona beti. Eta nere bilobek nere euskara mintzatu, irakurri eta idaztea nahi nuke”.
Argitaratutako lanen gida:
“Nere oroimenak” (“Mis memorias”) Perpetuaren lanik zabalena. Ez dago erabat argitaratua. Argitaratuak daudenak dira “Nere oroimenak” (FLV 31); “Trinidad Urtasun bertsolaria (1894-1978)” (FLV 32), bere senarraren oroimenez idatzita; “Perpetua Saraguetaren euskal ipuiak” (EGAN, 5-6), egilea hil ondoren argitaratutako ipuin-bilduma; “Mezkiritz (Erroibar)” (CEEN 31), Mezkirizko eta txikitan bizi izan zeneko mendi eta inguruko bere oroimenak biltzen dituena; “Mezkirizko etxe barnea” (Anuario de Eusko Folklore 31), etxeaz. lanetaz, janariaz, garbiketaz eta erlijioaz mintzatzen da; eta “Mezkirizko langintza” (Anuario de Eusko Folklore 32), nekazaritza, abeltzaintza, ikatza nola egiten zen, etab. Bere herriko dantzei buruz “Dantzariak” aldizkarian idatzi zuen 1986an.

Euskaltzaindiak Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia liburua sarean jarri du, eta Akademiaren webgunean kontsulta daiteke. Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak prestatutako lana da, eta Akademiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean sustatutako “Mendaur” bildumaren 9. zenbakia da.

Liburuan Perpetua Saragueta (Erroibarko Mezkiritz, 1905) izan zenaren ondarea jaso da. Bi multzotan bereizten dira bere idatziak: batetik, gerra aitzineko urteetan egin zuen kazetari lana; eta bestetik, urteetan zehar, batez ere joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, egin zituen idatziak. Horietako zati batzuk plazaratuak izan badira ere, Perpetua Saraguetak idatzitako multzorik handiena argitaratu gabe zegoen. Idatzi guztiak bildu dira liburu honetan. Horrekin batera, Andres Iñigo egileak landu duen Perpetua Saraguetaren hiztegia eskaintzen da.

Liburuari bi eranskin txertatu zaizkio: bata, gerra aitzineko garaian Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara igortzen zituen Mezkirizko eta Arizkungo dozena erdi bat kronika; bestea, CD bat, Jose Mari Satrustegik Perpetua Saraguetari 1977an eta 1979an egin zizkion hiru grabazio luze jasotzen dituena. Grabazio horiek ere webgunean daude.